|
Gaur, Maiatzak 17, homofobia, lesbofobia eta transfobiaren kontrako Nazioarteko Egunarekin bat egin nahi dugu. Intolerantzia guztien oinarria berdina delako, alde batetik: arrazakeria, sexismoa eta homofobiaren kasuan gorentasun egoeran egondakoek beheragoko bezala antzematen dituzten gizarte taldeak zapaltzen dituzte, aniztasunaren kontrako gorrotoa sustatuz.
Bestalde, etorkin askorentzat homo-lesbo-transfobia bazterkeriarako osagai bat gehitzen du. Esaterako, nola esan zure lanean homosexuala zarela hori dela eta kaleratua izanez gero egoitza baimena galduko duzula jakinda? Transexualen kasuan arrazakeria instituzionala ere badago: Genero Nortasun Legeak izena eta generoa aldatzea ukatzen du espainiar naziotasuna ez daukatenei. Emakume transexualek berez langabezia tasa altua pairatzen dute eta askorentzat prostituzioa da ogibide bakarra. Are gehiago ere etorkinentzat, euren izena eta generoa aldatzeko aukera faltaz gain Atzerritartasun Legeak hiru urtez ekonomi murgilduan lan egitera behartzen ditu. Beste egoera latz bat genero edo orientazio sexuala dela eta euren herrietatik ihes duten errefuxiatuena da. CEAR-ek salatzen duen bezala, asilo lege berriak arrazoi hori onartzen du, baina praktikan eskaerak sistematikoki ukatuak izaten dira. Gogoratu dezagun kameruneko emakumearen kasua: instruktoreak erabaki zuen ezin zela lesbiana izan haurdun zegoelako.
Etorkinei buruz mintzo gara, ijito LGTB-en kasua zuzenean ia ikustezina baita. Eskerrak egon badaudela ixiltasun horren kontra egiten duten hainbat ekimen; esaterako Gitanaslesbianas y Gitanosgays web-ak.
Ondorioz, guk ANIZTASUNaren alde egiten dugu, letra larrietan, aniztasun afektibo eta sexuala barne. Eta ala, homo-lesbo-transfobiaren kontra egitera animatzen zaituztegu, Donostiako Transmarikabollo koordinakundeak deitutako ekitaldia bezalako ekimenetan parte hartuz.
|